XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

20. Atala.

1.- Jaurlaritzak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren proposamenez, Dekretu bidez onartuko du hizkuntza-ereduen araubidea Lege honen 46. atalean erabakitakoaren mende.

Eredu horiek lantresna dira, 18. atalean finkatutako hizkuntza-normalkuntzaren helburua eta hezkuntza-sistema ororen berezko ikasketa-edukien eskurapena kasuan kasu ezkontzeko bide egoki diren neurrian.

2.- Aurreko atalkian adierazten den aginpidea gauzatzean, Jaurlaritzak kontutan izango du ereduon hizkuntza eta ikasketa emankortasunaren guztizko ebaluazioa eta, hala badagokio, ikastetzeek, beren autonomia pedagogikoa erabiliz, aurkeztutako ekinbideena.

3.- Atal honetako lehen atalkian aipatutako araua onartzeko jardunbidean Euskadiko Eskola-KOntseiluaren aholkuak eta Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiaren txostena hartuko dira kontutan.

21. Atala.

Jaurlaritzak, hizkuntza-ereduen eskaintzaren plangintza zehazteko oinarrizko irizpideak arautuko ditu.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, gurasoen edo tutoreen nahia eta zonaldearen gizarte eta hizkuntza-egoera kontutan izanik, ikastetxe bakoitzean eman beharreko hizkuntza-ereduak izendatuko ditu.

22. Atala.

1 .- Euskal Eskola Publikoan, azaroaren 24eko 10/1982 Euskeraren Erabilera Arauzkotzezko Oinarrizko Legeak eta Lege honek zehaztutako helburuak lortzeko beharrezko diren giza eta gauzazko baliabideak izango dituzte ikastetxe guztiek.

2.- Aurreko atalkian ezarritakoarekin bat etorriz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak irakaslegoa euskalduntzeko plan urteanitza burutuko du.

Plan horrek izaera malgua izango du eta urtero berraztertuko da, eta gauzatzean irakaslegoa bere borondatez horri atxikitzeko ahaleginak egin eta beren lan-baldintzak errespetatuko dira.

Planak zein beronen berrazterketek Euskadiko Eskola-Kontseiluaren txostena beharko dute.

3.- Irakaslegoa euskalduntzeko planak, gutxienez, honako osagai hauek izango ditu:

a) Euskarazko eta euskararen irakaskuntzako eskariaren aurrikuspena.